Alkarbidek antolatutako “D bitamina. Aberastu bere heziketa!” leloko informazio
kanpainatik kanpo geratzea erabaki ostean, 2 eta 3 urteko haurren etxeetara "heziketa elebidunen abantailak" azaltzen dituen gida bidaltzen ibili da
Getxoko Udala. Horri lagunduz, Imanol Landa alkateak sinatutako eskutitza jaso dute ume getxoztarren aita-amek; 1.300 ale, guztira. Udal iturriek azaldu dutenez,
“Ume elebidunen gurasoentzako esku-liburua” heziketa elebidunaren inguruan sortzen diren "zalantzetako batzuk" azaltzen saiatzen da, galderen eta erantzunen bidez, eredu horietan ikasten duten umeek dituzten "hainbat abantaila" aipatzearekin batera. Eta zalantzak zalantza, seguru aski, gurasoei ez die asko lagunduko Getxo.net udal webgunean azaltzea
hezkuntza ereduak A, B eta C (sic) direla. Bitartean, otsailaren 12ra arte egongo da zabalik, 2010-2011ko ikasturterako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan aldez aurretik
izena emateko epea,
udalerriko ikastetxe publiko eta hitzartuetan (pdf). Izapideak hezkuntza zentroetan bertan egin beharko dira. Eskatutako agiriak honako hauek dira: erroldaren agiria, familia liburuaren eta errentaren aitorpenaren fotokopiak, eta ikastetxean emandako sartzeko eskabide-orria. Argazkian, 2008ko apirilaren 24an Getxoko udaletxearen aurrean euskalgintzak egindako kontzentrazioaren irudi bat.