Elikadura eta sukaldaritzari buruzko tailerrak hasiera emango dio aurten etorkinei zuzendutako Getxon Bizi programari (pdf). Getxoko Udalak antolatuta, Munduko Medikuak GKEak eskainiko ditu ikastaroak. Egitasmoa ElkarGune izeneko babes ekintzen esparruen barruan kokatzen da eta, helburua, beren bizilekua Getxon finkatu berri duten atzerritarrei ongizate pertsonalean zein gizarteratzen eta lan munduratzen laguntzea da, udal iturriek adierazi dutenez. "Doako tailer batzuen bitartez, besteak beste, gizarte eta lan gaitasunak sustatzen ditu; migrazioaren hasierako faseetan estresa gutxitzen laguntzen du; atzerriko beste pertsona batzuekin harremanak ezartzera laguntzen du eta harrera gizarteko pertsonekin elkartzeko baldintzak sortzen ditu" Getxon Bizi ekimenak, tokiko arduradunen hitzetan. Tailerrak igandeetan izango dira, otsailetik azarora bitartean, 10:00etatik 14:00etara, Itzubaltzeta / Romoko Ezekiel Agirre kaleko 21. zenbakian (Informatikakoa izan ezik, hori Algortako Fadura Institutuan izango baita). Amaitutakoan, ibilaldi bat izango da, euskal geografia, historia eta kulturaren adierazgarri diren herri eta lekuak ezagutzeko asmoz. Izen-ematea herritarren arretarako bulegoetan egin beharko dute interesatuek. Informazio gehiago lortzeko 944 660 151 telefono zenbakira dei dezakete edo www.kaixogetxo.net helbidera jo. Argazkian, emakume etorkin bat Algortako San Nikolas plazara bidean / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!