Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegitik Algortako Torrene kaleko azokara mugitu dute San Mames Barriaren inguruko erakusketa. Otsailaren 20ra arte egongo da ikusgai. Bisitatzen dutenek, 42.000 metro koadro eta 55.000 ikuslerentzako tokia izango duen estadio berriaren ezaugarriak ezagutzeaz gain, Romo Kultur Etxea kultura eta gizarte zentro berria, Getxo Antzokia, BiscayTIK Teknologia Zentroa eta metroa lurperatzeko lanen gaineko proiektuak ere ikusi ahal izango dituzte, horiek ere kiroldegitik merkatura eraman baitituzte. Gobelan 1.612 lagunek bisitatu dute erakusketa, joan den urtarrilaren 15ean zabaldu zenetik igandera arte, udal iturriek emandako datuen arabera. Azaldu dutenez, astean zehar 60 eta 80 urte arteko pertsonak (goizetan) eta kiroldegira entrenatzera joaten ziren 17 eta 20 urte bitarteko gazteak pasa dira, baita 30 eta 40 urte bitarteko gurasoak ere (arratsaldeetan). Asteburuetan izan da publiko kopuru handiena, batez ere kirol ekitaldietara joaten ziren gazteak eta euren familiak. Erakusketa goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango da, Algortan, azoka ordutegian. Argazkian, San Mames berriaren maketa / © Getxo.net.