Bulegoa berria izan arren, zonaldea lagun zaharra du Elhuyar Aholkularitzak, 90eko hamarkada erdialdetik dihardutelako gure inguruan beharrean. Orain dela gutxi, Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken agurrean aldarrikatutako berbekin bat eginez, Elhuyar Aholkularitzaren nahia, eta baita erronka ere, "euskaratik eta euskaraz" lan egitea dela adierazi du Idoia Aldekoa Bizkaiko lantaldearen koordinatzaileak. "Leioako bulego barri honetatik ere ipar berdina jarraitzea nahi genuke, batez ere, Bilbo Handiko eremuan eragin asmoz", gaineratu duenez. Aipatu euskara zerbitzuaren arduradunaren hitzetan, "badugu zer jorratua alor horretan". Datuak gogoratuz esan duenez, euskarak indarra hartzen dihardu zonalde honetan ere, gazteen artean batez ere. Ezagutza-mailak gora egin du, elebidunak ugaritu egin dira…, "eta hemen ere enpresek zein erakundeek, inoiz baino baliagarriagoa dute euskara herritarrengana heltzeko". Aldekoaren hitzetan, "horiek euskalduntzeko, euskara-planak ditugu aspaldiko lagun. Horrenbestez, zonalde honetan euskararen erabilera sustatu eta hizkuntzarekiko motibazioa pizten lagundu gura genuke; beti ere, parte-hartzearen eta talde-lanaren bidez hizkuntzarekiko jarrerak landuz, eta euskararekiko jarrera kontziente eta positiboak sortuz".
Ia 20 urte
Ia 20 urteko eskarmentua dauka Elhuyar Aholkularitzak euskararen normalizazioaren esparruan. Urte horietan guztietan, eraldaketara heltzeko bide ugari zabaldu dituzte eta guztiek izan dute oinarrian giltza edo pilare bera: "jarreretan eragitea", aipatu dutenez. "Pilatutako esperientzia horretatik ikasten ahalegindu gara, eta jakintza hori gizarteko beste esparru batzuetan aplikatzen dihardugu azken urteotan", azaldu du Aldekoak. Batetik, emakumeen eta gizonen artean aukera-berdintasuna sustatzeko prozesuak gidatzen dituzte eta, besteak beste, Emakunderen homologazioa lortu berri dute gizon-emakumeen arteko berdintasun gaietan laguntza teknikoa emateko aholkularitza gisa. "Aipatu, orain gutxi hasi garela alor honetan Getxoko Udalarekin elkarlanean", Elhuyar Aholkularitzaren Bizkaiko lantaldearen koordinatzaileak zehaztu duenez. Bestetik, erakundeen kudeaketan eta erabakietan herritarren parte-hartzea indartzeko plangintzak ere egiten dihardute. Euskararen normalizazioa, aukera-berdintasuna, herritarren parte-hartzea. "Gai horietan egin gura dugu ekarpena, zuokin lankidetzan, eta noski, euskaratik eta euskaraz", amaitu du Aldekoak.