Ateak ireki ditu Barrikako Nagusien Etxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 4a, 21:08

Barrikako Nagusien Etxea atzo inauguratu zuten, otsailaren 3an, Elejalden; udalerriak San Blas ospatzen duen egunean, hain zuzen ere. Lokala jendez lepo egon zen, ekitaldi hunkigarrian, udaleko auzotar ugarik ez baitzuten hutsik egin nahi izan, udal iturriek adierazi dutenez. Inaugurazioak jai eta ospakizun kutsua izan zituen. Juan Jose Ezpeleta alkate barrikoztarrak Nagusien Etxeak herrian duen garrantziaz mintzatu zen: "Lokalen premia dugu eta bereziki, populazioaren sektore horrek ez zuen biltzeko tokirik", aipatu zuenez. Halaber, Ezpeletak hunkituta ekarri zituen gogora, udalerria bultzatzeko, aurreko korporazioetako pertsonek egindako lana. Horrela bere egin zuen esaldi ezaguna: "izan zirelako gara, garelako izango dira". Lokalak herriko biztanleen laurdenari emango dio zerbitzua. Izan ere, Barrikak 1.500 biztanle ditu eta horietatik 361ek dute 60 urtetik gora. Barrikako Udalak tokiko inbertsiorako estatu funtsaren 248.669 euro inbertitu ditu egoitza eraikitzeko. Kantitate horri Udalak jarritako 25.000 euro batu behar zaio, ekipamendurako erabili direnak. Argazkian, Barrikako Nagusien Etxea, Elejalden / © Joseba Zubiaur - Barrikako Udala.

Eraikinak 190 metro koadroko azalera du, eta, 30 eta 40 metro koadro arteko terraza zonaldea du. Lorategi lursaileko gainontzeko esparrua kontutan hartuz, 300 metro koadroko azalera osoa du. Eraikinak beheko solairu bakarra du eta bertan daude aisialdirako gela, egongela, kafetegia (sukalde, biltegi, atondo eta komunekin), bulegoa, erabilera anitzeko gela eta egokitutako komunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun