EHUk urterik urtera Sarbiderako Programaren barruan burutu ohi dituen jardueren barruan kokatu behar dira azoka hauek, unibertsitate aurreko ikasleek ikasketak aukeratu baino lehen ahalik eta informaziorik zabalena izan dezaten. Azokek, hain zuzen, programaren bigarren fasean kokatzen dira, izan ere programa, urrian eta azaroan zehar, Batxilergo eta Goi Mailako Hezkuntza Zikloetako orientatzaileei zuzenduriko topaketa batzuekin hasi zen. Programa martxoan egingo diren Ateak Zabaltzeko Egunekin bukatuko da.
Bisitaldien kopurua bikoiztu da
Aurreko asteburuetan Arabako eta Gipuzkoako campusetan egin dira Unibertsitate-Orientazioarako Azokak. "Harrera bikaina izan zuten ekitaldiek, Araban 1.100 ikasle bildu baitziren informazio-postuetan unibertsitateari buruzko xehetasunak jasotzeko (2009ko Azokan 588 pertsona hurbildu ziren azokara) eta Gipuzkoan joan den urteko 1.124 ikasleetatik 2.100 ikasleetara pasatu dira", azaldu dute EHUko arduradunek.