Ez da lehenengo aldia Eusko Legebiltzarrean presoen ikasketez eztabaidatzen dela. 2009ko urriaren 22an, EHUn ikasi ahal izatea ukatu zien presoei Eusko Legebiltzarrak. Astebete lehenago aurkeztua zuten proposamena EAJk eta EAk. "Estatuko kartzeletan dauden presoei EHUn matrikulatzeko aukera berma dezan", Espainiako Gobernua presatzea eskatzen zuten alderdi biek. PSE-EEk eta PPk, ordea, eurek aurkeztutako ekimena aurrera atera zuten, Gasteizko ganberan daukaten gehiengoa baliatuz. Leioa eta Erandioko campuseko presoen argazkiekin ez bezala, abstenitzea erabaki zuen UPyDk. Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarraren ustez, "beharrezko baldintzak betetzen ditu eta behar besteko bermea du" UNEDek, Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitateak, "presoen euren ikasketak egin ditzaten", Europa Press albiste agentziak (espainolez) jaso bezala. EAJ, Aralar, EA eta Ezker Batuak horren aurka bozkatu zuten.
Ez da kontu berria
Espainiako Auzitegi Gorenak apirilaren 27an ateratako epaiaren bidez bertan behera utzi zuen Euskal Herriko Unibertsitateak 2004ko urriaren 28an onartu zuen presoen ikasketak arautzeko protokoloa. Hurrengo egunean, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztuko zuela adierazi zuen Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Ebatzitakoaren arabera, Frantziako espetxeetan dauden presoei ere EHUn ikasketak egiteko aukera ezeztatzen zien Gorenak. Auzitegi horrek aintzat hartu zuen EHUren protokoloa ontzat jo zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaiari Estatuko Abokatuak jarritako helegitea. Horretarako, unibertsitateak eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hitzarmenik sinatuta ez dutela argudiatu zuen auzitegiak.
Izan ere, 2003-2004 ikasturtean, Askatasunaren Aldeko Irakasleen Plataformak Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuaren presidenteari eskatu zion Espetxeetako Lege Orokorra aldatzea, EPPKren presoak EHUn ikastea ezinezko bihurtzeko. Plataforma hori Gotzone Moraren, orduan Getxoko PSE-EEko zinegotzia eta EHUko katedraduna, inguruan sortu zen eta bera izan zen bere bozeramailea eta presoek zituzten ustezko "pribilegioen" salatzaile mediatikoa. Handik aurrera ikasketa guztiak UNEDen bitartez egin behar izan ziren, nahiz eta hainbat ikasketa bertan ezin burutu eta euskara ezin erabili. Manu Monterok eta Juan Ignacio Perez Iglesiasek Espetxeetako Zuzendaritzarekin hitzarmena berregiten saiatu ziren, beti ezetza topatu zutela. Azkenean, 2004ko urriaren 28an EHUk protokoloa onartu zuen eta 2005eko martxoan Frantziako espetxeetan zeuden 57 presoren matrikulazioekin ekin zion berriro lurralde hartan ikasketak emateari; Auzitegi Gorenak protokoloa bertan behera utzi zuen arte.