Kultur Leioan zabaldu dute "Bosteko" erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 6a, 13:08

Aurtengo "Bosteko" erakusketa, bere 13.edizioa betetzen duena, Leioan estreinatu da. Bertan, beti bezala, arte garaikidearen barruan, Bizkaiko artista garrantzitsuen lanak batu dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, 1998an sortu eta lehen erakusketa egin zenetik, ekimenak ez du behin ere hutsik egin bost udalerrirekin duen urteko hitzorduan –hortik datorkio izena–, non artista nabarmenen artelanak erakusten diren. Hona hemen bost udalerriok: Amorebieta-Etxano, Getxo, Leioa, Arrigorriaga eta Basauri. Horrenbestez, Kultur Leioan, martxoaren 7ra arte egongo da ikusgai "Bosteko" erakusketa, sarrera doan. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara ikus daiteke; eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Argazkia: © Kultur Leioa.

2009ra arte Alicia Fernandez historialariak eta kritikariak gainbegiratua eta hautatua izan da erakusketa. Gaur egun, berriz, Itxaso Mendiluzek hartu dio lekukoa. Urteotan, guztira, berrogeita hiru euskal artista izan dira bertan; izan ere, gure sortzaileen margogintzaren eta eskulturaren historia berrikusi eta aztertzen da goitik behera. "Bosteko 10" edizioaren aitzakian, ospea duten hiru sortzaile garaikideren lana bildu da. Beren lana, gizaki-irudiaren eta erretratuaren adierazpenaren inguruko hausnarketarekin lotuta dago. Artistak Elena Goñi pintore nafarra, Ramon Perez pintore bilbotarra eta Ignacio Saez eta Leire Ugalde artista bikotea dira.

Kultur Leioa aretoa izango da erakusketaren abiapuntua. Ondoren, Arrigorriagako Abusu kultur etxera pasatuz eta Basauriko Ariz dorrean eta Itzubaltzeta / Romoko erakustaretoan jarraituz. Erakusketa-proiektu hau, 1998az geroztik egin diren edizio guztietan bezalaxe, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioako udalek elkarlanean egindako lanaren fruitu da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntzaz egiten da.

Berrogei artista baino gehiago

Aurreko edizioetan 40 euskal sortzailek hartu dute parte, eta egungo hirurekin batera, guztira 43 artista dira. "Bosteko"-n egungo euskal arte garaikidearen historia osatzen duten artistarik hoberenak izan dira. Eskultore historikoak: Nestor Basterretxea, Vicente Larrea eta Andres Angel. Ondoko belaunaldiko ahotsak: Angel Garraza, Gerardo Armesto, Jose Zugasti, Jose Ramon Anda, Isabel Garay, Roscubas, Jose Angel Lasa, Baroja Collet, Koldobika Jauregi eta Iñaki Olazabal.

Errepertorioa zabalagoa da margogintzaren aldetik, artista nabarmen ugari agertzen baitira: Ruiz Balerdi, Ricardo Toja, Pedro Salaberri, Juan Mieg, Zumeta eta Mari Puri Herrero, beste hauen presentzia azpimarragarriarekin batera: Daniel Tamayo, Alberto Rementeria, Xabier Agirre, Jesus Mari Lazkano, Xabier Morras eta Javier Riaño, besteak beste.

Ospe handiko izenak dira horiek guztiak, "Bosteko" izeneko erakusketaren memoria bizirik iraunarazten dutenak- Hala deritzo, hain zuzen, Bizkaiko bost udalerritan izango delako erakusketa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun