Bizkaiko Ezker Abertzalea: "Ezkertiar eta abertzale hautetsiok euskal jendarteari"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 6a, 15:26

Ebrotik Atturriraino eta Santa Engrazitik Lanestosarainoko lur eremuan bizi gara, Euskal Herrian. Hala ere, menperatzen gaituzten estatuek irudi hori desitxuratu eta horretarako marko zatikatzaile desberdinak inposatu dizkigute. Guk Euskal Herrian amesten dugu, eta hori eraiki nahi dugu, horregatik gara abertzaleak. Euskara, Europako hizkuntzarik zaharrena, maite dugu, baina estutuek aurrera eramaten dituzten politikek bere biziraupena ziurtatu beharrean hilzorian jarri dute. Guk, aldiz, benetako hizkuntza politika baten beharra ikusten dugu, benetan ere euskara bizirik ikusi nahi badugu; eta horretan gure indar guztiak jartzen ari gara, horregatik gara euskaltzaleak. Argazkian, besteak beste, Sopela, Getxo eta Erandioko hautetsiek adierazi diote elkartasuna Jesus Mari Alberdi Gernikako zinegotziari / © Bizkaiko Ezker Abertzalea.

Bizi dugun sistema honek herritarron arteko desberdintasunak areagotu egiten ditu, txiroak gero eta txiroagoak direlako eta aberatsak aldiz gero eta diru gehiagoren jabe direlako. Horregatik gara ezkertiarrak, aberastasuna era duin eta orekatu batean banatua egotea nahi dugulako.

Inongo desberdintasun sozialik gabeko Euskal Herria amesten dugu, bizi dugun sistema honek emakume eta gizonen arteko desberdintasuna urritu beharrean areagotu egiten du, horregatik Euskal Herri parekidea eraiki nahi dugu, non bertoko gizon eta emakumeok inongo desberdintasunik gabe bizi ahalko dugun.

Euskal Herri aske eta sozialista batean amesten dugu, eta horretan dihardugu, inongo bazterketarik gabe, euskaraz biziz, gure ingurugiroarekiko errespetuan…

Baina amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko trabak besterik ez dizkigute jartzen. Udal hautetsiak garen heinean, azken udal hauteskundeetara aurkezteko hainbat legeren bitartez, gure kideen erdiak ilegalizatuak izan ziren. Ostean, alderdien legea erabiliz, aurkeztu ginen alderdia legez kanpo jarri zuten. Horrelako erasoak jarriz gure lan instituzionala oztopatzen saiatu dira.

Legegintzaldiko bi urte hauetan makina bat proiektu aurrera atera ditugu, euskararen defentsan, herritarrek udalean parte hartzeko dinamikak martxan jarriz, bizi dugun krisi ekonomikoari aurre egiteko politikak martxan jarriz…

Baina gure lan politikoa oztopatu nahi dute, guk aurrera daramagun lan politikoa kriminalizatu nahi dute, gure hautetsiak Auzitegi Nazionalera deituz, edota udaletan hartzen diren erabakiak atzera botaz. Benetan ere salbuespen egoera bizi dugu, eta salbuespen egoera honi stop esan behar diogu.

Gaur hemen biltzearen arrazoia bertoko zinegotzia den Jesus Mari Alberdiri gure babesa ematea da, auzitegi nazionalera deitua izan baita Gernikako jaien inguruan gertatutakoaren ondorioz. Guk gaurko bozgorailu hau erabili nahi dugu, gure babes osoa adierazteko. Berak Gernikan jai batzordean egindako lana guretzat eredugarria delako, hori baita udala herrira hurbiltzea…

Eta horretara gatoz, guk bakarrik ezinezkoa dugu eraso errepresibo guzti hau gelditzea, eta horregatik gatoz zuengana, zuei babes eske. Zuekin batera argi daukagulako eraso hauek gera daitezkeela.

Euskal Herria aldaketaren bidegurutzean aurkitzen da; agortutako marko honetan bizirautera edo benetako marko politikoa ekarriko dion aldaketa ematera, gure ustez bizi dugun gatazka behin betikoz gainditzeko, Euskal Herriak benetako aldaketa behar du.

Eta horretara goaz, aurrerantzean gure lan instituzionala horretara ere bideratuko dugu. Benetako aldaketa ekarriko duen prozesu demokratikoa martxan jartzera goaz, eta guk, udaletatik, gure ahalegin guztiak horretan jarriko ditugu.

Bukatzeko, argi gera dadila! Ozen entzun dezatela herri hau suntsitu nahi dutenek: ez gaude prest amore emateko. Eta lanean jarraituko dugu, guri dagokigunez eremu instituzionalean, udaletxeetan, kalean, lantegietan, gaztetxeetan... eginahalak egingo ditugu amesten dugun herria eraikitzen, bizi dugun gatazka politikoari irtenbideak eskaintzen.

Bizkaiko Ezker Abertzalea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun