Iaz arte galdutako Agate Deunaren bezperako baserriz baserriko ibilbidea azkenengoz egin zuenetariko bat da Paulo Errazkin, 80 urte inguru dituena. Atsotitzak bota artean "gaztetxoei" gogoratu zienez, 60 hamarkada hartan goizeko 8etan abiatu eta hurrengo egunera arte zihoazen abesten, otzara aginaldoz betetzeko asmoz. Urdulizeraino joana da bera, "hankak ondo nituenean".
Baina Errazkinekin soilik ez ziren egon euskaltzaleak. Anton, Mari Karmen, Patxi Izko, Juan eta beste hamaika baserritarrekin izan ziren, gure memoria historiko bizidunari entzuten eta haietaz ikasten. Trukean, abestu eta aginaldoa eskatu zieten.
Ohituraren etorkizuna
Juanen aburuz, asko aldatu da ohitura. Alde batetik, lehen ez zuten paperik, kopla guztiak buruz baitzekiten. Beste aldetik, "taldean solista bat zen eta besteok koroa ginen". Gainera, dirurik ez, orduan txorizoak, solomoak eta horrelakoak batzen zituzten. Erabiltzen den euskara ere "sano" aldatu da, bere ustean. Juan "egun eta gaua" ematen zuen abesten. Leioako parajetan hasi zen, bertako koadrilarekin. Urteekin, baina, Algorta eta Berangoko inguruetatik ibiltzera pasatu zen. Egun, gazte euskaltzaleak saiatzen badira ere, ohiturak laster berea egingo duelakoan dago: "jubilatuak aguanta bitartean mantenduko da, baina gero akabatuko da dena". Izan ere, gero eta baserri gehiago husten dira.
Baina, aurtengoan gutxienez, goizeko 9etatik goizaldeko ordu txikietara entzun ziren bertsozaleen koplak. Izan ere, santari debozioz edo, goizean, arratsean eta iluntzean abestutakoaren ordainaz pagatuta, bazkaria eta gaueko parranda egin zuten.