Txetxu Fernandez EPPKtik kanpo dagoela baieztatu du AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 8a, 17:06

Txetxu Fernandez algortarrak bere ingurukoei eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduari idatzitako gutun batean adierazi duenez, Euskal Preso Politikoaren Kolektiboaren (EPPK) diziplina eta babesetik at kokatu du bere burua eta hemendik aurrera soilik bere izenean jardutea erabaki du, Uribe Kostako AAMk Etengabe bitakoraren bitartez zabaldu duenez. "Gutunean bere egoera eta erabaki honen arrazoiak azaldu, eta eskerrak ematen dizkie orain arte jasotako laguntzagatik", gaineratu du errepresioaren kontrako erakundeak. Fernandez 1992ko maiatzaren 12an atxilotu zuten, eta Legearen arabera 2010eko irailaren 22an amaituko du ezarritako kondena osoa. Hala ere, "El Correo Español"-ek argitaratu zuen artikuluaren arabera, Espainiako Auzitegi Goreneko doktrinaren aplikazioarekin, 2022ko maiatzaren 4ra arte luzatuko bide diote kondena. Preso algortarra urtarrilean eraman zuten Burgosko espetxetik Langraizera, eta egun batzuk beranduago "El Pais" egunkariak Txetxu eta beste bost preso politikok EPPKtik bereizteko idatziren bat sinatua zutela zabaldu zuen. Argazkian, auzokide bat Txetxu Fernandezen argazkia sostengatzen, aurreko batean.

Bitartean, "euskal preso politikoak erabiltzeko aplikatzen zaien irizpide politikoaren araberako sari-zigor eskema ankerra" salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Eskema hori errepresioan oinarrituta dago: tortura, sakabanaketa, giza-eskubideen urraketak, tratu txarrak, laidoak, irainak, kondena luzatzea, legearen nahierarako erabilera… Euskal Herria makurraraziko dutelakoan", aipatu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun