Torturaren kontrako eskualdeko manifestazioa egingo dute ostiralean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 8a, 17:25

Joxe Arregi Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", Etengabe bitakorak gogoratu duenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratu dutenez. Larunbat honetan betetzen dira 29 urte gertaera hartatik, eta hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko mobilizazioak deitu dituzte, egun horretarako, Euskal Herri osoan zehar. Besteak beste, Leioan, eskualde mailako manifestazioa egingo dute ostiral honetan, hilak 12, 20:00etan Bulebarretik abiatuta. Hurrengo egunean, herrietan izango dira bateratzeak: Algortari dagokionez, 13:00etan, Telletxe plazan. Argazkian, 2008ko abenduaren 28an torturaren aurkako aldarriak hartu zituen Algortako kaleak.

Torturaren Aurkako Eguna dela eta zabaldutako oharra:

Torturaren aurkako eguna

1981. urtea zen Joxe Arregi Zizurkilgo herritarra atxilotu eta 9 egunez bortizki torturatua izan zenean. Komisariako infernua atzean utzi zuen 9 egun inkomunikaturik igaro eta gero, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian. Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailak 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. Oso latza izan da esan eta heriotzaren marra igaro zuen.

Azken 40 urteotan 7000 euskal herritar baino gehiago izan dira basakeria hau sufritu dutenak. Euskal Herritarren aurkako errepresio eroan tortura egunero erabili baitute unean-uneko gobernu ezberdinek. Independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko tresna politiko bezala erabiltzen du tortura espainiar gobernuak, informazioa politikoa eskuratu, atxilotuen autoinkulpazioak lortu eta euskal herritarren artean benetako beldurra zabaltzeko helburuarekin. Tortura sistematikoa dela esaten dugu, eta atzean utzi ditugun hilabeteak dira esten dugunaren adibide. 2009. urtean 45 euskal herritar torturatu dituzte Guardia Zibilek, Ertzainek eta Espainiar Poliziek. Azaroan gazte independentisten aurka buruturiko polizia operazio zabalak torturaren ankerkeria erakutsi digu berriz ere, tartean hainbat neska gazte sexualki jazarriak izan zirelarik.

Honez gain, urte honetako lehen hilabetean gogor jo gaitu ostera torturaren errealitateak. Pello Olano lizartzarra ankerki torturatu zuen Guardia Zibilak inkomunikazio aldian. Eta Ondarroan Ertzaintzak atxiloturiko euskal herritarrei inkomunikazio egoera muturreraino luzatu diete, hauek ere tortura larriak salatu dituztelarik. Gure aldetik, data hauetan gogoan izan nahi ditugu Euskal Herrian torturatuak izan diren herritarrak, bereziki torturak hil dituenak. 2010. urteko otsailaren 13an oraindik orain torturaren errealitatearekin aurrez aurre aurkitzen gara, atxilotuen inkomunikazioak horretarako inpunitate guztia eskaintzen dielako torturatzaileei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun