Getxoko Udaltzaingoak S.A. inizialak dituen Santurtziko 33 urteko gizona atxilotu du, osasun publikoaren kontrako delitua egiteaz akusatuta, zerbitzari lanetan zebilen tabernan gazteei haxixa saltzen zielakoan. Gertaera ostiralean, otsailak 5, jazo zen, 18:30ak aldera, Areetako Santa Ana kalean. Tokiko poliziak zabaldutako bertsioaren arabera, taberna batean, joan-etorriak etengabekoak zirela antzeman zuten udaltzainek. Gazteak arin sartu eta ateratzen omen ziren eta oinez edo inguruan aparkatutako ibilgailuetan alde egiten zuten. Bezero batek eta zerbitzariak barran, bata bestearen aurrean, dirua zehaztu gabeko zerbaiten truke aldatzen zutela ikusi zuen poliziak kaletik, gaineratu dutenez. Irteterakoan geldiarazi zuten bezeroa haxix zati bat aurkitu zioten, ustez erosi berria, Getxoko Udaltzaingoaren arabera. Tokiko poliziek tabernako zerbitzaria atxilotu zuten eta Getxoko Guardiako Epailetzaren esku geratu da. Argazkian, Getxoko udaltzain bat.