Ostegun honetan, otsailak 11, "Portu Sound" liburuaren aurkezpena izango da, Plaza Beltza kulturgunean, Larrabasterrako Akilino Arriola kaleko 59. zenbakian. Hitzaldia 19:30ean hasiko da, aipatu lanaren egile Pablo Salgadoren eskutik. Liburuak 1962tik Portugaleten izan diren taldeen historia jasotzen du, biografia, diskografia, argazkiak eta antzeko datuak bilduz. Guztira, 150 talde sailkatu dituzte, hala nola, Flying Rebollos, Dinamita pa los Pollos eta Zarama. Gainera, CD bat ere badakar. Izan ere, Banizu Nizuke elkarteak egin zuen ikerketari esker, soinudun material piloa lortu zen eta disko, kasete, eta maketa horiekin artxibo fisikoa ere egin zuten. Horrez gain, bideo, argazki eta argitalpenen artxiboak ere gauzatu zituzten. Liburuak ez dio soilik Portugaleteko eszenari erreparatzen, 1962tik 2007ra bitartean Ezkerralde osoan sorturiko taldeak ere biltzen ditu. Argazkian, azaroaren 6an inauguratu zuten Plaza Beltza herri liburutegia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!