Getxoko Udala Naturgas enpresarekin ari da hizketan Dilizko estrata eta Zientoetxeko amaiera artean hiri-gasaren hodiak ipintzeko lanak erraztu aldera, auzo horretako bizilagun batzuek tokiko erakundeari hala eskatu eta gero, udal iturriek zehaztu dutenez. Getxoko aipatu aldean atzo, astelehenez, errepidea asfaltatzeko hasitako lanak baliatuta, auzokide talde batek atzo bertan eskaera aurkeztu zuen udaletxean, hiri-gasaren hodiak ipintzea errazteko. Eskaera horren harira, Hirigintza zinegotzi Joseba Arregik adierazitakoaren arabera, “Udalak ahal duen guztian erraztuko ditu, hodiak ipintzeko lanak hiri-gasaren zerbitzua emateko zein beste enpresa pribatu batzuen instalazioak ipintzekoak”. Tokiko arduradunak gaineratu duenez, Udala Naturgasekin koordinatuko da, honek zanga ireki nahi baldin badu, instalazioa ipintzeko behar diren lan guztiak egiteko; “egiten ari garen obra atzeratuko badu ere, ez baikenuen aurreikusita ezelako zangarik irekitzea, lanak errepidea asfaltatzeko baino ez direlako”. Argazkian, Bentan hasi eta Azkorriko hondartzan amaituko dira asfaltatze lanak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!