Aurten hirugarren aldiz antolatu dira "Fisikaz blai" izeneko jardunaldiak, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Europako Batasunaren Europako Urtea 2009 programaren finantzazioarekin. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gauzatutako Unibertsitate Orientaziorako Jardunaldiekin batera izan dira jardunaldiak, eta helburua, Batxilergoko ikasleek zientziarekiko oro har eta, bereziki, fisikarekiko duten interesa bultzatzea da. Hala, ikasleak laborategiko lanean prestatzen lagundu nahi da, eta horretarako, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaskuntza laborategiak beren eskura jartzen dira, fisika hobeto ulertzeko bide gisa. Horrez gain, jardunaldien bidez zientzia honek zer alderdi positibo dituen eta gaur egun zer eragin handia duen azaldu nahi zaie belaunaldi berriei.
Era berean, "Fisikaz blai" jardunaldiek unibertsitateko eta Batxilergoko irakasleen arteko komunikazio bide berri bat zabaltzen dute. Horrek, eztabaidaren bidez eta ikuspuntuak trukatuta, irakasleen eginkizunak eta beharrak hobeto ezagutzeko eta ikasleen prestakuntza hobetzeko aukera ematen du.