Eskualdeko hizkuntza ondarea jaso eta zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute, gaur goizean; Imanol Landak, Eneko Arruebarrenak eta Joseba Goikouriak; Getxo, Leioa eta Erandioko alkateek; eta Lemoizko udal mandataria ere baden Pedro Jesus Botejara Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko presidente ordeak. Helburuen artean, datozen urteotan monografikoak egitea eta argitaratzea dago, ingurua eta historia hobeto ezagutzen laguntzeko. Monografiek, gure esparru geografikoan gai bati buruzko jakintza-esparru oso bat hartuko dute (bata ahozko tradizio errimatuari buruz eta bestea herri egutegiari eta Uribe Kostako mitologiari buruz), zehaztu dutenez. Gehiena, adineko pertsonei grabaketetan jasoa eta beste ikerketa batzuetako materialez aberastuak. Bigarren helburua, jasotako materiala, egoera txarrean dagoenean (esanahia galdutako abestiak, zentzu argirik gabeko esaldiak, funtzio didaktikoa galdu duten ipuinak...), berreraikitzea da, ondoren zabaltzeko. Hitzarmena 2011ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean eta aurrekontua 60.000 eurokoa da. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Botejara, Arruebarrena, Landa eta Goikouria.