Emakume bat hil da gaur eguerdian Bizkaiko 2122 errepidean, Sopelan, turismo batek harrapatu ostean.
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, hildakoa bere autotik jaitsi eta hirugarren kotxe baten gidariarekin zegoen aurretik izandako txapa istripu batez hitz egiten. Orduan, goizeko 11:15ak aldera, Berangoko norabidean zihoan beste auto batek emakumea harrapatu du. Oraindik ez dira ezagunak istripua eragin duten arrazoiak, baina andra, 38 urtekoa, autoaren gurpilen azpian gelditu da harrapatuta. Bertaratu diren suhiltzaileak eta osasun langileek ezin izan dute ezer egin, gorpua atera eta heriotza egiaztatzea baizik. Beste gidaria, 45 urteko gizonezkoa, ospitalera eraman behar izan dute, hainbat lesio izan ditu eta. Oraindik ez dakite jasandako zaurien garrantzia. Momentuz, errepidea itxi eta zirkulazioa Sopelatik bertatik igarotzeko desbideratu dute. Ertzaintza gertaera aztertzen ari da. Pasa den urtarrilaren 9an, 20 urteko gazte leioaztar bat hil zen Avanzadan, Erandion.