Ertzaintzak torturaren aurkako panelak eta pankarta kendu ditu Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 11a, 14:43

Atzo, asteazkena, 16:00etan, Ertzaintzaren furgoneta bat eta patruila auto bi hurbildu ziren Algortako Telletxe plazara, eta eraman egin zituzten tortura salatzeko bertan jarrita zeuden panel bi eta pankarta bat, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez salatu duenez. Paneletan otsailaren 12 eta 13an, hau da, bihar eta etzi, Uribe Kostan egingo diren ekitaldien deialdiak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egun horietarako zabaldu dituen kartelak eta tortura metodoen irudiak jarrita zeuden, tartean Ertzaintzaren torturak salatzen dituztenak, azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Pankartak "Torturari stop!" zioen. Gauzak horrela, "beste urrats errepresibotzat" jo du atzoko gertaera AAMk. Euren hitzetan, "azken urteetan panelak eta pankartak jarri izan ditugu Telletxen, gauez berriro erretiratzeko, bestela eroaten dituztelako. Normalean ez da arazorik izan horretan, pankartak eta propaganda jartzea legezkoa baita, eta modu horretara Udaleko propaganda eta pankartei buruzko dekretuak betetzen direlako". Are gehiago, "tortura salaketak ezkutaraztea" egotzi diote Rodolfo Ares zuzentzen duen Herrizaingo Sailari. Argazkian, 2008ko abenduaren 28an torturaren kontrako manifestazioa oztopatzen saiatu zen Ertzaintza Algortan.

"Oraingoan, badirudi Ertzainek tortura salatzen duen guztia kentzeko agindua dutela, horrekin tortura ezkutatuko dutelakoan. Edo tortura salaketak gezurrezkoak direla adierazteko. Baina, finean, torturaren aurkako kartelak erretiratzean torturak badirela berretsi besterik ez dute egiten. Tortura salatzea delitu bilakatu nahi dute. Baina torturarekin amaitzeko modu bakarra dago: demokrazia politikoa indarrean jarri eta inor ez torturatzea!", adierazi du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Torturaren Aurkako Eguna. Mobilizazioak Uribe Kostan:

- Otsailak 12, ostirala: eskualdeko manifestazioa, 20:00etan, Leioako Bulebarrean.
- Otsailak 13, larunbata: elkarretaratzea, 13:00etan, Algortako Telletxe plazan.
- Otsailak 13, larunbata: elkarretaratzea, 13:00etan, Berangon.
- Otsailak 13, larunbata: elkarretaratzea, 13:00etan, Leioako Bulebarrean.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:

Tortura erabiltzen duenak beti izan du tortura salaketak isildu eta zigortzeko jarrera. Tortura salaketak sistematikoki isildu dituzte komunikabide handiek, eta inor torturak salatzera atera denean beti izan du gainean errepresioaren mehatxua. Aste honetan bertan agerraldian atera ziren bi abokatuak salatzea aztertzen ari dela esan du Aresek. Torturak honela funtzionatzen du herri honetan. Erabaki politikoa da torturaren erabilera, poliziek aurrera eramaten dutena eta komunikabideek isiltzen dutena. Eta norbait publikoki ateratzen bada torturak salatzen, tortura erabiltzeko erabakia hartu duen horrek errepresioarekin mehatxatuko du.

Kasu honetan kalean egiten ari den salaketaren aurkako jazarpena ikusten ari gara. Zuzenean tortura erabili duen polizia gorputza, Ertzaintza kasu honetan, ari da herrietan torturaren aurkako propaganda kentzen eta torturaren aurkako lana errepresioarekin isilarazi nahian.

Oso larria deritzogu gainera Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearen jarrera ere. Azpeitiko herritarrak torturatuak izan direnean isilik gelditu den alkatea da Eizmendi, orain azken atxilotuen tortura testigantzak kaleetatik kentzeko agindua eman duena.

Torturak irauten duen torturaren aurkako lanak ez duela etenik izango esan nahi dugu. Bidez honetan, dei egin nahi dugu bihar eta larunbatean burutuko diren ekimenetan parte hartzera.

Torturaren aurkako mezua errepresioaren bidez isildu nahian dabiltza (cc Askatu.org)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun