Bi asteburuz luzatuko dira Getxoko Kultur Etxeak antolatutako Inauteriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 11a, 20:45

Goizean goizetik, Getxo udalerriko kaleak hartuko dituzte bihar txikiek, eskola inauteriak ospatzeko asmoz. Bakoitzak bere ikastetxean landutako mozorroa paseatzeaz gain, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute neska-mutilek: musika animazioa, pailazoak, puzgarriak... Halere, ohi bezala, ordutik aurrera Algortara mugatuko dira Getxoko Kultur Etxeak antolatutako ekimenak. Igandera bitartean, ugariak izango dira haurrentzako ekimenak. Gaua hurbildu ahala, adinez nagusiago diren neska-mutilentzako ikuskizunak prestatu dituzte: ostiralean, Akats taldea, eta larunbatean, Fever Club eta DJ Mr. Chase-n kontzertuak, hurrenez hurren. Bitartean, handi zein txikiek dantzatu ahal izango dute etzi Patxi Perezek markatutako erritmora. Baina, aurten, aurrekoetan ez bezala, igandean amaitu barik, datorren astebururako ere prestatu ditu hainbat ikuskizun Getxoko Kultur Etxeak. Urteetan zehar, Udalak ekitaldiak asteburu batean jarri eta herriko koadrilek hurrengo asteburuan ospatu dituzte Inauteriak Algortan. Aurten, kontzertuak eta guzti izango dituzte bigarren asteburuan gazteek. Ostiralean, Bizardunak taldeak joko du Portu Zaharrean, 22:00etan. Larunbatean, berriz, Lain-ek eskainiko du saioa, 20:00etan; eta ondoren, Des-kontrol taldea igoko da Portu Zaharreko agertokira, San Bizenteko jaietako gertaeren ostean, hainbat emanaldi bertan behera utzi ostean. Argazkian, Leioan bezala, Algortan ere txokolatearekin gozatu ahal izango dute txikiek.

Egitaraua:

Otsailak 12, ostirala

Goizez, eskola inauteriak.
18:00 Txokolatea txurroekin. Makillaje eta maskara tailerrak, Telletxe plazan.
19:00 Haurrentzako dantzaldia Mugi Mugi taldearen eskutik, Telletxe plazan.
21:30 Akatz taldearen kontzertua, Telletxe plazan.

Otsailak 13, larunbata

12:00 Agurra dantza taldearen inauteri kalejira, Algortako oinezkoen kaleetan.
12:30 “Gramola” haurrentzako dantzaldia, Txorromorro taldearen eskutik, Telletxe plazan.
18:00 Pedrito One Wheel-en "Don Bocinon" antzezlana; Itxas Argia eta Itxartu dantza taldeen kalejira; makillaje eta maskara tailerrak; eta tatuaje eta txirikorda tailerrak (Munduko Medikuak), Telletxen eta oinezkoen kaleetan.
18:00 Txokolatea txurroekin, Telletxe plazan.
19:30 Erromeria, Patxi Perezen eskutik, Telletxe plazan.
22:00 Fever Club eta DJ Mr. Chase, Telletxe plazan.

Otsailak 14, igandea

12:00 Erraldoi eta buruhandiak, Agurraren eskutik, Algortako oinezkoen kaleetan.
18:00 Gazte Leku fanfarrea, Algortako oinezkoen kaleetan.
19:00 Inauterien amaiera, Tusuri taldearen eskutik, Algortako oinezkoen kaleetan.

Otsailak 19, ostirala

19:00 Ardoa Barrura fanfarrea, Algortako oinezkoen kaleetan.
22:00 Bizardunak taldearen kontzertua, Portu Zaharrean.

Otsailak 20, larunbata

18:00 Adiskideak fanfarrearen kalejira, Algortako oinezkoen kaleetan.
20:00 Lain taldea kontzertuan, Portu Zaharrean.
22:00 Des-kontrol taldea kontzertuan, Portu Zaharrean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun