Hurrengo bi larunbatetan tren gehiago ibiliko da gauez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 11a, 20:58

Metro Bilbao garraio enpresak zerbitzu berezia antolatu du datozen bi asteburuetarako, Inauteriak direla eta. Larunbat gauean eta igande goizaldean areagotuko dute tren kopurua, hots, ospakizunaren unerik jendetsu eta animatuenean, konpainiako iturriek gaur jakinarazi dutenez. Beraz, ostiralean, berdin-berdin ibiliko dira metroak. Otsailaren 13tik 14rako gauean, 23:00etatik 6:00etara, maiztasuna hamar minutukoa izango da enborrean (Etxebarri-San Inazio) eta 20 minutukoa Bidezabal, Plentzia eta Santurtziraino, bi norabideetan. Helburua da "gau horretan jaiaz gozatzera irtengo diren milaka pertsonei garraioa erraztea, bidaia seguru eta eroso egiteko modua eskainiz", aipatu dutenez. Iaz 50.000 pertsona inguruk erabili zuten Inauterietako gaueko zerbitzua. Hurrengo larunbatean, otsailak 20, hamar minutuko maiztasunari eutsiko zaio enborrean (Etxebarri-San Inazio), 15 minutukoa izango da Bidezabalera artekoa eta 30 minutukoa Plentzia eta Santurtzirakoa, bi norabideetan. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun