"Ez dugu onartzen jarrera baztertzaile eta zigortzaile hau, ez dugu onartzen eta prest gaude Algortako kaleak berreskuratzeko. Hortaz, ideiaz, ilusioz eta alternatibaz bustitzen jarraituko ditugu gure herriko kaleak, ez dugulako uste, inolaz ere, herriaren mesedera lan egitea delitua denik", azaldu dute Algortako Gazte Asanbladako neska-mutilek.
Algortako Gazte Asanbladak zabaldutako oharra:
Asko izan dira azken urteotan, Algortako Gazte Asanbladak burututako ekimen herrikoi eta parte-hartzaileak. Hamaika izan dira, Gazteon Asanbladatik gazteei zein herriari eskainitako aisialdi alternatiba eta zerbitzuak. Guzti hauek, harrera beroa izan dute herrian, herritarrek sarri, gogoz hartu dituzte antolatutako ekimenak.
Hori, ordea, ez da izan Getxoko Udalak hartutako jarrera. Gazteon ekinbideak saritu ezik, ekintza herrikoiak zigortu nahi izan ditu Udal honek. Izan ere, iaz, Gazte Asanbladak egindako hiru ekimen parte-hartzaileak zigortu egin ditu Udalak 300 euroko isuna ezarriz. Baina, Algorta ez da izan kasu bakarra, Erromoko Gazte Asanbladak ere, politika hau pairatu behar izan du.
Zigor ekonomikoen bitartez, Udalak gazteon eskaintza herrikoia eteten saiatzen da. Euren ustez, kalean antolatutako edozein ekimen zigortu behar da eta horrela erakutsi digute behin baino gehiagotan:
1. Txorimalo gaztetxearen urteurrena zela eta haurrentzako gaztelu puzgarriak eta bestelako denbora-pasak eskaini genituenean Txiki Otaegi enparantzan.
2. 2009ko urriaren 31n, X. Indabada ospatu genuenean, 500 pertsona baino gehiago herrian jai giroan bilduz.
3. Abenduaren 19an, truke azoka antolatu genuenean Telletxe plazan.
Ekinbide guzti hauek zigortuak izan dira kalea erabiltzeagatik. Nahikoa dugu, gazteok ere kalean inolako zigorrik gabe gure ideiak eta proiektuak garatzeko aukera izan beharko genuke. Horregatik, kalean inolako oztoporik eta zigorrik gabe gure jarduerak burutzeko eskubidea exijitzen diogu Udalari. Kalea herritar guztiona da!
Ez dugu onartzen jarrera baztertzaile eta zigortzaile hau, ez dugu onartzen eta prest gaude Algortako kaleak berreskuratzeko. Hortaz, ideiaz, ilusioz eta alternatibaz bustitzen jarraituko ditugu gure herriko kaleak, ez dugulako uste, inolaz ere, herriaren mesedera lan egitea delitua denik.
Kalea herriarena da!
Algortako Gazte Asanblada / Txorimalo gaztetxea