Etzi, ostegunarekin, "Euskaldunon Egunkaria"ren aurkako sumarioetan epaitutako eta auziperatutako lagunei elkartasuna adieraziko diete Leioa eta Erandioko campusean.
Berria.info-k jakinarazi duenez, ostegunean hainbat elkarretaratze izango dira Hego Euskal Herriko unibertsitateetan. Leioako hitzordua eguerdian izango da, Mikel Laboa plazan. Beste protestak honako lekuetan izango dira: Ibaetako gelategian, Gasteizko Letretako Fakultatearen atarian, Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoaren aurrean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko campusean, liburutegiaren aurrean. Elkarretaratze guztiak eguerdian izango dira, Iruñekoa izan ezik, 11etan burutuko baita. Bitartean, Martxelo Otamendi "Euskaldunon Egunkaria"-ko zuzendaria zenak hainbat hitzaldi emango ditu bihar eta ostiralera arte, Durangon, Balmasedan eta Asturiasen. "Egunkaria" 2003ko otsailaren 20an itxi zuten eta pasa den abenduaren 15ean hasitako epaiketa otsailaren lehenean amaitu zen. Egun, Xabier Oleaga erandioztarra, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai epaiaren zain daude. Argazkian, pasa den abenduaren 19an Bilbon egindako manifestazioa.