Asteazkenean, Innova Ensemble haizezko boskotea izango da protagonista, 2008an izen bereko taldearen baitan eratutako talde gaztea, ganbera-musika zabaltzera dedikatzen dena eta musika garaikidearekiko interes berezia duena. Taldekideek Bartzelonako Gran Teatre del Liceu Antzokiko Akademiaren Orkestran ezagutu zuten elkar eta Espainian nahiz handik kanpo ospetsuak diren orkestratan hartu dute parte.
Zikloaren erdialdean, ostegunean, "Euskal Kantu Liriko Berria" proiektua ekarriko dute Getxora Marta Velasco mezzo-sopranoak, Alberto Nuñez tenoreak eta Juan Jose Ortega piano-joleak. Euskal konpositore klasikoen lana ezagutzara eramateko beren indarrak batu dituzten hiru artista dira Velasco, Nuñez eta Ortega.
Ostiralean, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa ariko da, 2004an Bizkaiko goi-mailako musikari gazte tituludunek sortutako taldea. Orkestraren kideak Bilboko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta Musikeneko azken promozioetako kideak dira eta, nahiz eta gazteak izan, esperientzia nabarmena dute. Kasu honetan, BOSek Vivaldi, Haendel eta Mozart konpositoreen piezez osatutako programa joko du.
Bukatzeko, Brodsky Quartet arduratuko da larunbatean zikloa datorren urtera arte agurtzeaz. Eremu klasikoko harizko laukote ospetsuenetakoa da eta bere 30 urtetik gorako ibilbide profesionalean mundu osoan zehar aritu da. Grabazio ugari egin dituzte eta artista ezagunekin batera aritu dira. Getxorako duten programan, Schubert, Turina, Shostakovich, Mozart, Puccini eta Borodin konpositoreen piezak eskainiko dituzte.