Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Zigor Goikoetxeak Marisa Arrue Getxoko PPko zinegotziari ordaindu beharreko 6.000 euroko kalte-ordaina, "forma akats batengatik",
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Gauzak horrela, Auzitegi Nazionalak emandako
sententziaren aurka gaztearen abokatuak jarri zuen helegitearen zati bat onartu du Gorenak. Izan ere, epaiketan, fiskalak eta Arruek ez zuten kalte-ordain hori eskatu; PPk, ordea, bai eskatu zuen. Bestalde, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak
kartzela-zigorra handitzeko eskatu zuten, urtarrilaren 28an Gorenean egindako bista publikoan, baina auzitegiak atzera bota du. Balizko heriotza mehatxuengatik
jarritako salaketa dela eta, bi urteko espetxe zigorra, Marisa Arrueri 6.000 euro ordaintzea eta berarengandik 300 metro baino urrunago egotera zein Getxotik at, bizitzea ezarri zion Zigor Goikoetxeari Auzitegi Nazionalak. Ia 11 hilabete egin zituen preso gazteak. Argazkian, Zigor Goikoetxea senide eta lagunen besarkadak jasotzen, askatu zutenean.