Areetako zentro teknologikoa abendurako amaitu nahi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 16a, 20:26

Areetako Zugartzarte Etorbideko Bake Eder etxean jarriko duten BiscayTIK Fundazioaren egoitzaren —Leioako Landabarri pasealekuko 2. zenbakian jarri dute behin-behinekoz— ezaugarriak eta helburuak aurkeztu dituzte gaur Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Imanol Landa Getxoko alkateak; baita Areetako Mesedeetako Ama, Urkixo eta Ogoño kaleen artean zegoen azokaren ordez egingo duten enpresa elkartegia ere. Bake Eder berritzeko lanak (ia 9 milioi eurotan esleitu direnak) hasi dira jada eta abendurako amaituta egotea aurreikusita dago, udal zein foru arduradunen arabera. Bestetik, Areetako azoka berritzeko lanak ia 6.200.000 euroko aurrekontua dute (lizitazio prozesuan daudenak). Lanak egiteko 15 hilabeteko epea ezarri da eta maiatzean hastea espero dute. Prentsaurrekoa eskaini aurretik, goizeko 10etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren ohiko Gobernu Kontseilua egin da udaletxean. Getxokoa da aurtengo agintaldian horrelako batzar bat hartzen duen lehenengo udala. Geroari begira, Gobernu Kontseiluaren bilera gehiago egingo dituzte beste udalerri batzuetan. Argazkian, Imanol Landa alkateak ahaldun nagusiari eta gainontzeko diputatuei egin die harrera, udaletxeko batzar aretoan / © Getxo.net.

BiscayTIK proiektu "berriztatzailea" da, "aitzindaria nazioartean", sustatzaileen arabera. Hurrengo helburuak jarri dizkiote: administrazioa herritarrei hurbiltzea, Bizkaiko udaletako tresna informatikoak bateratzea, eta udal administrazioan informazio eta ezagutza-teknologiak aplikatzeko orduan nazioartean Bizkaia erreferente bihurtzea. Hori guztia sortu berria den zentro teknologikoaren laguntzaz egingo da. Imanol Landa alkateak egoitza hori Getxo udalerrian bertan egotearen "garrantzia" azpimarratu du: “BiscayTIK proiektuak, Aldundiak sustatuta Microsoft enpresaren laguntzaz, Getxo kokatuko du teknologi berrien, berrikuntzaren eta ezagutzaren munduko mapan. Aukera ugari eskainiko dituen ikusmuga zabaltzen da aberastasuna sortzeko, ekonomikoa zein ikerkuntzaren arloan, gaur egun ekonomi globalizatuen mundu honetan hain garrantzitsua zein ezinbestekoa dena”, adierazi du udal agintariak.

Bake Eder eraikinak, 8.000 metro koadrotan, “Be My Gov” zentro teknologikoa hartuko du, administrazio elektronikoan lan egingo duena. Ekimenak Microsoft enpresaren laguntza du eta administrazio elektronikoan "munduko erreferentea" izateko jaio da, hala nola, "Getxon eta Bizkaian aberastasuna sortzeko (sarrera ekonomikoetan zein ezagutza arloan) bideratzaile izateko", sustatzaileen hitzetan. Egingo dituzten jardueren artean produktu berrien garapena, ikerkuntza eta berrikuntza daude, baita hainbat formazio lan ere. Era berean, zentroak enpresen haztegia hartuko du, beti administrazio elektronikoarekin lotuta.

Enpresa elkartegia

Bestetik, Areetako antzinako azokaren eraikinak, 4.342 metro koadroetan, Informazio Teknologia berriekin eta ezagutzarekin zerikusia dituzten enpresa espezializatuak hartuko ditu, Getxon BiscayTIK proiektuak sortutako inertziei gehitu ahal direnak. Beheko eta lehenengo solairuak Udalak erabiltzeko izango dira, Ekonomia Sustapenerako Arloak kudeatuta; eta bertan Turismo Bulegoa, erabilera anitzeko gela eta beste areto batzuk —Udalak erabiltzeko—, egongo dira. Gainontzeko hiru solairuek eta atikoak elkartegia hartuko dute. Horrek 45 eta 65 metro koadroko bitarteko zabalera izango du eta hainbat modulu izango ditu. Halaber, bilerak egiteko gela bi izango ditu, eta teknologi berriekin zer ikusia duten enpresak hartuko ditu, BiscayTIK proiektuaren osagarriak izango direnak eta berrikuntza edukiera nabarmena izango dutenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun