Behe solairua, beraz, 0 eta 2 urte bitarteko 80 umeentzat zuzendutako haur eskola izango da. Proiektuaren barruan lokalaren gaikuntza, ekipamendua eta altzariak jartzea ere sartzen da, udal iturriek aipatu dutenez. Horretaz gain, banan-banakako jolastokia eraikiko dute. Tokiko agintarien hitzetan, "guzti honekin, herrian den haur eskola publikoen eskaria handitzea lortu nahi da, eta horrela, Artatzako zentroan egun diren 20 plaza handituko lirateke leioaztarrentzat. Leioako Udalak eraiki eta gero, tokiko arduradunek Haurreskolak patzuergoaren esku utziko dute zentroaren kudeaketa, Artatzakoarekin gertatu bezala.
Musika eskola
Gaineko bi solairuak bi helburu ezberdin dituzte: alde batetik, musika eskolako ikasleei zuzentzea; eta bestetik, etorkizuneko beharrezkoak izango diren hezkuntza zerbitzuetara bideratzea. Kasu bietan, udal aurrekontutik hartu beharko da diru gehiago ekipamendu eta altzarietarako, tokiko iturriek aitortu dutenez.
Hori horrela, bigarren eta azken solairu horiek, Leioako Musika Eskolak egun duen eraikinaren parean altxatuko dira, aipatu udal instalazioak handitzea ahalbidetuz. Gaur egun, musika eskolak hainbat diziplina biltzen ditu: hari-tresnak, haize-tresnak, pianoa, gitarra, eskusoinua eta txistua... ia 700 ikasle batu arte. "Handitze horrek gelen egokitzea ahalbidetuko du, teoria eta praktika behar bezala tartekatzeko eta matrikulazio berriak hartu ahal izateko. Horretaz gain, perkusio tresnak ere lantzeko aukera emango dio zentroari, bere eskaintza musikala handituz", udal arduradunen arabera. Ikasketa horiek oso eskari handia omen dute Leioan bertan. Izan ere Udalak ikasketa horien %50 finantzatzen ditu.