Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentearen arabera, Getxo PPk gidatuko duen Bizkaiko lehenengo udalerrian bilakatuko da datorren urteko udal hauteskundeetan. Quirogak baieztapen hori egin zuen atzo, Marisa Arrue eta Leopoldo Barredarekin batera Algortako Tamarises hotelean egindako mahai-inguruan.
Bizkaiko Nuevas Generaciones taldeak jakinarazi duenez, Legebiltzarreko presidenteak "Getxoko historian hauteskunderik garrantzitsuentzat" jo zituen 2011koak eta PPn garaipenaz "inork ez" duela zalantzarik esan zuen. Izan ere, aurretik Marisa Arrue Getxoko PPren presidenteak gogoratu zuen PP alkatetzatik 600 bototara baino ez dagoela. Baina, zenbaki horiek 2009ko martxoko hauteskundeetakoak dira, Eusko Legebiltzarrekoak. Udal hauteskundeen kasuan, aldea 770koa izan zen eta azken hauteskundeetan, europarrak, 1.300etaraino handitu zen aldea. EAJtik hurbilen egon zirenean Espainiako hauteskundeetan izan zen, 2008ko martxoan. Orduan, jeltzaleen azpitik gelditu ziren bi botoengatik. Argazkian, Arantza Quiroga / ©
Eusko Legebiltzarra.