Luis Almansa Getxoko PSE-EEren ordezkariaren arabera, "milioi asko gastatzea" suposatuko luke "egun martxan dagoen" Telefonicaren eraikina eskuratzeak. Horretaz gain, bere ustez, "proiektu berri bat" landu behar izatea ekarriko luke. "Zerotik hasi beharko genuke. Hain zuzen, indusketa lanak nahiko aurreratuta dauden arren, horiek gelditzea ekarriko luke neurri horrek, diseinu berria definitu artean. Denboran eta dirutan onartezina litzateke", azaldu du Almansak. Gainera, sozialisten bozeramailearen ustez, "teknikoki ere bideraezina" da aipatu eraikina Algortako Musika Eskola jartzeko erabiltzea, "telekomunikazioetarako diseinatuta egoteak ez duelako posible egiten musika eta kultur ekitaldiak egiteko egokitzea". Dena den, auzotarrek egindako proposamenekin "harbera" azaldu da Getxoko PSE-EE. Proiektua oso aurreratuta dagoela aitortu arren, "seguru asko" aurreikusitako eraikin nagusiaren altuera "ahalik eta gehien gutxitu" eta Etxeandia Apezpikua kaleko etxebizitzetatik "ahalik eta gehien urrunduko" dutela dio Almansak.
Auzokideen desengainua
Ikusteke dago horrekin bat datozenik inguruko bizilagunak. Joan den ostiralean, otsailak 12, Imanol Landa alkatearekin bildu ziren San Nikolaseko Auzo Elkarteko lau kide. "Giro atseginean", Getxo Antzoki berria "ingurunera egokitzearen beharra" azaldu zioten udal agintariari, azaldu dutenez. Horretarako, aurreikusitako 6.500 metro kuboko bolumena gutxitzea eskatu zioten auzokideek. "Halere, proiektuaren egungo ezaugarriak defendatzen jarraitu zuen alkateak, bere hauteskunde programan aurkeztu zuenetik egiten ari den bezala", kritikatu du San Nikolaseko Auzo Elkarteak. Batzarretik "desengainatuta samar" atera zirela aitortu dute bizilagunek, "alkateak amorerik ez ematea" ikusita. Gauzak horrela, "beharrezkoa bada, goragoko organoetara" jotzea ez dute baztertzen.