Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldutakoaren arabera, Jon Rosales Palenzuela gazte algortarra da Mossos d'Esquadra poliziak gaur arratsaldean Gironan atxilotutako lagunetako bat. Adur Aristegi bergararra da bestea. Aipatu hedabideak Polizia iturriak aipatuz adierazi duenez, ohiko kontrol batean atxilotu dituzte biak Camprodonen, furgoneta batean zihoazela. "Frantziako mugatik hurbil", nabarmendu duenez. Iturri berberen arabera, bi atxilotuek debekatuta zuten muga igarotzea. Albiste agentzia espainolak dioenez, Rosalesen atzetik zebilen Guardia Zibila, larunbatean atxilotutako Ibai Beobidek bere izena aipatu omen duelako. Aristegi, berriz, Iñigo Gutierrez algortarrarekin eta Arkaitz Goikoetxea getxoztarrarekin lotu du Europa Pressek. 2008ko uztailaren polizia operazioaren ostean, 12.000 euroko fidantza ordainduta geratu zen libre. Biak ala biak Madrilera bidean jarri dituzte 19:15ak aldera. AAMk mobilizazioa deitu du biharko, osteguna, 20:00etan, Algortako Telletxe kalean. Argazkian, beste atxiloketa batzuen kontrako manifestazioa Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!