Azken asteotan makina bat ekimen izan dira eskualdean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan Haitiko lurrikarak kaltetukoen alde. Larunbatean, beste bat eramango du aurrera EHUko Abesbatzak. Izan ere, Haitiren aldeko kontzertu batean abestuko du 20:00etan, Atxuriko Gizakundearen elizan. Kontzertuan Barakaldoko Schola Cantorum-ek, Deustuko Unibertsitateko Koruak eta Emiteniak ere abestuko dute. EHUkoek, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, Gloria (Vytautas Mishkinis); Xirmi, Xarma (Eva Ugalde) eta Sorgin Dantza (Eduardo Mocoroa) kantatuko dituzte. Doako kontzertu horretan Haitirentzako dirua bilduko da. Euskal Herriko Unibertsitateko abesbatza 1977an jaio zen eta 1999tik Enrique Azurzak zuzentzen du. Gaur egun 40 abeslari ditu. Hasieratik kultura hedatzeko lan bizia egin du, bereziki polifonia "a capella", euskal musikagileen eta gaur egungo konpositoreen obra landuz.