The Image Club Berangoko diskotekak publizitate kanpaina berezia abiatuko du larunbatarekin batera. Izan ere, "Ez utzi txerri deitzen" lelopean, inguruko bazterrak garbi izateko, birziklapena bultzatzeko eta bezeroak erakartzeko ekimena jarriko du martxan, Metro Bilbao eta Uribe Kostako Mankomunitatea bidelagun izango dituela. Diskotekako sarreran hainbat edukiontzi paratuko dituzte, litroak edaten dituzten neska-mutilek botilen plastikoa eta beira sailkatu eta birzikla ditzaten. Trukean, diskotekak deskontuekin sarituko ditu, edariak barruan har ditzaten. Horren berri emateko, esku-orriak banatuko dituzte Berangoko metro geltokian. Gainera, Metro Bilbaoko erabiltzaileek poltsa berrerabilgarriak jasoko dituzte, ontziak diskotekara birziklatzera eraman ahal izan ditzaten. Ekimena bultzatzen duen Mankomunitatearen arabera, "litrotan aritzeak ekartzen dituen eragin txarrak txikitzea eta jarrera gizabidezkoagoak sustatu eta lortzea dira kanpaina horren xedeak". Berangoko Udalak, 3.000 eurotarainoko isunak jartzen ditu kalean litroak edategatik. Irudian, diskotekako esku-orri bat.