Bizkaiko Garraio Partzuergoan (BGP) sortutako "gatazka latzari" konponbidea ematea eskatu zion atzo Patxi Lopez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak, "bertan berak agintzen duelako". Arratsaldean emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, 2010erako aurrekontuak atzera bota zituzten PSE-EEko ordezkariek, BGPren Kontseilu Nagusiak goizean egindako bilkuran; eta horrek Basauri, Getxo eta Santurtzin martxan dauden metroaren lanak "bertan behera gelditzea" ekarriko du, diputatu nagusiaren iritziz. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak eta Barakaldoko alkatea tartean, egun gehiengoa daukate Garraio Partzuergoan sozialistek. Ernesto Gasco, Garraio sailburuorde eta Metro Bilbaoko presidente berriaren ustez, baina, BGPren aurtengo aurrekontua "ez da legezkoa". "Jaurlaritza ezin da 127 milioi eurotan zorpetu, beraz, Aldundiak ere diru-partida osagarriak jarri beharko ditu", esan du Gascok. Jose Luis Bilbaok akordioak ez dituela bete eta bizkaitarrei "lepoa" ematen ari dela salatu du PSE-EEkoak. Argazkian, besteak beste, Joseba Goikouria, Imanol Landa eta Eneko Arruebarrenarekin; Erandio, Getxo eta Leioako alkateekin, eman zuen prentsaurrekoa Bilbaok / ©
Bizkaia.net.