Bilboko San Inazio auzoko Ibai Beobide gaztea espetxeratzea erabaki du gaur Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Albiste agentzia espainolen arabera, bera izan zen Jon Rosales algortarraren izena Guardia Zibilari eman ziona. Epailearen aurrean, Guardia Zibilak torturatu egin duela salatu du Beobidek. Bitartean, Joan Saura Kataluniako Generalitateko Barne kontseilariak Catalunya Radion adierazi duenez, "argi eta garbi, esan beharra dago deklarazioetan (etakideek) gauza ezberdinak esaten dituztela eta, lehendabiziko deklarazio hauek Auzitegi Nazionalarenak direla".
Rosales atzo atxilotu zuten Gironan, Bergaran jaio eta Elorrion bizi den Adur Aristegirekin batera. Mossos d'Esquadra Poliziak iluntzean jarri zituen biak guardia zibilen eskuetan, eta horiek Madrilera eraman. Beobide kenduta, gazte algortarrak eta egunotan atxilotutako beste sei lagunek "Poliziaren eskuetan inkomunikatuak" jarraitzen dute, "torturatuak izateko arriskuan", Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez. Besteak beste, Algortan, bihar eta etzi izango dira mobilizazioak, 20:00etan, Telletxe plazan. Atzo 50 lagun inguru elkartu ziren bertan, ohiko kontzentrazioan. Argazkian, Jon Rosales (ezkerrean) eta Adur Aristegi
komunikabide espainolek nabarmendu nahi izan duten argazki umoretsuan. Rosalesek ez dio Facebook sare sozialean pribatutasun aukerarik ezarri bere argazki andanari / © Jon Rosales.