Loiuko aireportutik gertuko udalerrietako 54 etxebizitza gehiago intsonorizatzea onartu berri du Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak (AENA) erakundeak. Horiek gehituta 62 dira orain arte onetsitako ekintzak. Izan ere, dagoeneko 8 etxebizitza hosgabetu dituzte. Bilboko aerodromoaren Ingurumenaren Jarraipen Batzordearen gaurko bileran eman du azken erabakiaren berri AENAk. Horretaz gain, "aurreko batzarrean adierazitakoaren harira", helikopteroek aireportuan egiten dituzten maniobren gaineko azterketa egiten ari da erakunde espainiarra, horien soinu inpaktua gutxitzeko asmoz. AENAz gain, Espainiako Gobernuko Landa, Itsaso eta Ingurumen Ministerioak; EAErako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak; Bizkaiko Foru Aldundiak;
Erandio, Derio, Loiu, Sondika eta Zamudioko udalek; eta Lur Maitea talde ekologistak parte hartzen dute lehen aipatu batzordean. Hain zuzen ere, Loiuko aireportu inguruko alkateek lankidetza sistema bat eskatu dute Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioarekin batera jarduteko. Gogorarazi dute Txorierriko inguruko udalerrietan edozein lan egiteko Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa AENAren baimena lortu behar dutela, eta nabarmendu dute horrek inguruan dauden egitasmoak "denboran luzatzea" ekartzen duela eta "kalte handia" eragiten duela. Argazkia: cc-by-sa
Mikelo.