Getxoko Udalaren
Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, asteartean (otsailak 23) martxan jarriko dute sexologiari buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua, sexuari buruzko mota guztietako galderei erantzuteko asmoz. “Helburua adin guztietako pertsonei laguntza ematea da, sexualitatez gehiago goza dezaten, beraien nahiekin eta interesekin lan eginez edo sexu zailtasunak gaindituz; zalantzek, aurreiritziek edo informazio faltak berak zailtasunak ekartzen baitituzte norberaren sexualitatea eraikitzeko garaian”, azaldu du gaurko prentsaurrekoan Keltse Eiguren zinegotziak. Antisorgailuei buruzko oinarrizko informazioa ere eskainiko diete eskatzen dutenei. Zerbitzua adin guztietako lagunentzat, gizonentzat zein emakumeentzat, egongo da zabalik Algortako Martikoena kaleko 16 zenbakian, Alangoko osasun zentro berriaren ondoan. Arratsaldez irekiko dute, 17:00etatik 20:00etara; eta garrantzitsua da aldez aurretik hitzordua eskatzea, tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Telefono zenbakia ondokoa da: 944 660 137. Eta posta elektroniko helbidea:
sexuinfo@getxo.net. Argazkian, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotzia aurreko prentsaurreko batean.