Jon kartzelatik gure eskarien alde agertu zen idatzi sorta baten bitartez, horietariko batzuk hedabideetan agertu zirelarik. Gurekin elkartasuna agertzera deitzeaz gain, bere egiten zuen funtzionaritzari egiten genion intsumisioa. Intsumisioa jarrera antimilitarista baino gehiago zela zioen, eta borroka gune ugari zituela.
Kartzelak Jonek zeukan idazteko grina eta dohaina kilikatu egin zituen. Giro kaltegarri hartatik ihes egiteko ere balio izan zion idazteak, tentsio ugariren ihes-balbula modura. Kartzela barruko bizitza ez zen samurra izan Jonentzat. Duintasuna defendatzeko esfortzu handiak egin behar izan zituen. Eta haien ondorioz gaixotu egin zen. Baliteke heriotzara eraman duen gaixoa ere ahalegin haien ondorioa izatea.
Kartzelatik irten zenean han idatzitako poema eta ipuinek osatutako liburua argitaratu zuen: Kartzelako lanak. Hor ondo ikusten dira Jonen dohain poetiko eta narratiboak. Idazle berezia zen, burutsua, gatz eta piperduna, euskara eta gaztelania ongi menperatzen zituena.
Kalean zegoela zenbait elkartasun borrokatan parte hartzen segitu zuen. Ezin ahaztu Ataramiñe izena daraman iniziatiba ederrean egindako lan eskerga. Edo gau eskolatan egindakoa.
Har ezazu atsedena, lagun. Ez zaitugu inoiz ahaztuko.
Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero, EHUtik kaleratutako irakasleak