Ohiturari jarraituz, bigarren asteburu bat hartuko dute Inauteriek
Algortan. Urteetan zehar,
Getxoko Kultur Etxeak ekitaldiak asteburu batean jarri eta herriko koadrilek hurrengo asteburuan ospatu dituzte Aratusteak. Aurten, kontzertuak eta guzti izango dituzte gazteek. Gaur bertan, Bizardunak taldeak joko du Portu Zaharrean, 22:00etan. Bihar, berriz, Lain-ek eskainiko du saioa, 20:00etan; eta ondoren, Des-kontrol taldea igoko da Portu Zaharreko agertokira. Bitartean, goizaldeko ordu bietatik aurrera, mozorro gaua (musika, mozorro lehiaketa eta giro bikaina) antolatu dute biharko, Getxoko Txorimalo gaztetxean.
Berangon, berriz, larunbat eta igandean ospatuko dituzte Inauteriak. Bihar, Berangoetako kultur etxetik abiatuko da mozorro jaitsiera, arratsaldez. Eta ondoren, txokolatada eta dantzaldia izango dira frontoian. Etzi, Simon Otxandategi dantza taldea izango da eguneko protagonista, maskarada eskainiko duela. Bestalde, Plentzian, mozorro desfilea eta jaia antolatu dituzte larunbaterako. 17:00etan abiatuko dira kalejiran Astillerotik Jai-Alai frontoiraino. Bertan, disko festa eskainiko du Xaibor DJak (18:00etatik 21:30era). Eta txokolatada eta sari banaketa ere izango dira, 19:00etan. Azkenik, Erandion,
Altzagatik Astrabuduara salto egingo dute asteburu honetan Inauteriek. Argazkian, eskola-inauteriak Itzubaltzetan / © Getxoko Kultur Etxea