Larunbat honetan, otsailak 20, beteko dira zazpi urte, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak "Euskaldunon Egunkaria" itxi zuenetik. Hori gogoratzeko, ekitaldia egin dute gaur Andoainen (Gipuzkoa), hain zuzen ere, kazeta euskalduna egiten zen Martin Ugalde Kultur parkean. Itxiera, atxiloketa eta tratu txarretatik zazpi urte igaro dira, baina ekitaldira bildutakoek gogoan izan dutenez, auzia ez da amaitu,
Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Epaiketa egin berri da eta epaiaren zain dira bost auzipetuak, Xabier Oleaga erandioztarra tartean. Hain zuzen ere, epai onargarri bakarra absoluzioa dela nabarmendu dute ekitaldian zehar hitza hartu duten hainbat lagunek, eta hori ere ez dela aski; Pedro Miguel Etxenike zientzialari entzutetsuak adierazi duenez, ez dela nahikoa "egindako min ikaragarria" ordaintzeko. Argazkian, Xabier Oleaga erandioztarra
abenduaren 19ko nazio manifestazioan.