Jon Rosales asteazkenean Katalunian atxilotu zuten gazte algortarra espetxeratzea agindu du Fernando Grande Marlaska epaileak. Rosales, Adur Aristegi eta Faustino Marcos gaur goizean pasatu dira Espainiako Auzitegi Nazionaletik. Bi orduz galdekatu ostean, hirurak kartzelan sartzea agindu du magistratuak. Rosales eta Marcosi "erakunde terroristako" kide izatea leporatzen die. Aristegiri, berriz, algortarrari "ihes egiten laguntza eman izana". Ekintza konkreturik leporatzen dietenetz ez dute zabaldu Espainiako albiste-agentziek. Hirurak Madrilgo Soto del Real espetxera bidali dituzte. Bitartean, Beobidek egin zuen bezala,
espetxetik eta ospitaletik torturak salatu dituzte Gipuzkoan atxilotutako usteko lau etakideek. Berriz, Rosalesek inkomunikazio egoeran izan duen tratua ez da jakina. Asteazkenean bertan, Mossos d'Esquadra Poliziak Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta, utzi baino lehen Ripolleko mediku batengana eraman zituen Rosales eta Aristegi, herenegun
"El Periodico de Catalunya"-k jakinarazi zuenez. Bestalde,
Zigor Goikoetxea getxoztarraren atzoko atxiloketari dagokionez, Marisa Arrue mehatxatu zuela argudiatuta jarritako zigorretik falta zaiona betetzeko hartu dutela
diote albiste agentzia espainolek. Gaur iluntzean manifestazioa izango da Algortan, 20:00etan, Telletxe plazatik abiatuta. Argazkian, atzo 200 bat auzokidek eskatu zuten Algortan atxilotuen askatasuna.