Isabel Velez, 48 urteko emakumea, hilik atzeman zuten atzo, Lasarte-Orian. Ustez, 23 urteko semeak hil du, labanaz, eta Ertzaintzak atxilo hartu du. Atzo hil zuten Velez, eguerdiko ordu biak aldera. Lasarte-Oriako Zelaialde kaleko bigarren atarian bizi zen, eta han ondoan agertu da hilik. Ertzaintzak bizilagun baten deiagatik jakin zuen gertatuaren berri. Deiaren arabera, emakume bat jotzen ari zen mutil bat kalean. Haraino joan ziren ertzainak, eta larri zauritua aurkitu zuten Velez, etxe ondotik errepidera jaisteko eskaileretan. Anbulantziak eskatu zituzten ertzainek, baina larrialdi zerbitzuak bertaratu zirenerako, emakumea hilik zegoen. Velezen semea lekuan bertan atzeman zuten. Lasarte-Oriako alkate Ana Urtxuegiak zehaztu du Velezek arazoak izan zituela 23 urteko semearekin, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Beste seme bat du Velezek, 13 urtekoa; hura ere ez zen amarekin bizi. Amak ez zuela inoiz salaketarik jarri, baina udaltzainak haien etxera zenbait alditan joan zirela jakinarazi du alkateak, istiluak izan zituztelako. Bestalde, semeak amarengandik urruntzeko agindua eduki duela azaldu dute zenbait auzok.
Emakumeen Mundu Martxako Plataformaren adierazpena:
Beste emakume bat eraila Euskal Herrian, hirugarrena
Emakumeon aurkako indarkeria gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia oroz ari gara: sexu erasoak, prostituzio behartua, lantokietako sexu-jazarpena, jipoiak eta emakumeon erailketak... Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta honek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia.