Rosalesek eta Aristegik Guardia Zibilaren aurrean igarotako egunak "oso gogorrak" izan dira. "Epailearen aurrean akusazio guztiak ukatu dituzte eta biek salatu dituzte jasandako tratu txarrak. Bestalde, hainbat komunikabidek esan dutenaren aurka gezurra da dokumentazio faltsua zeramatela", esan du AAMk.
Salatu dituzten torturak:
- Manta bat lurrean bota eta Adurren kasuan lurrean etzanarazi zuten, bi hankak eta eskuak loturik zituela. Galtzontziloak eta prakak kendu zizkioten eta guardia zibil bat gainean jarri zitzaion eta beste bat erratz baten makila ipurditik sartzen saiatu zen. Erratzak preserbatibo bat zuen makilaren muturrean eta mutur hau sartzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu. Joni berdina egin zioten, baina eskuak eta hankak lotu beharrean, lau guardia zibilek esku eta hanka banatatik helduta saiatu ziren bortxaketa burutzen.
- Poltsa behin eta berriz jarri zieten buruan arnasarik gabe utziz eta ia konortea galtzeraino. Poltsa buruan zutela makurrarazi eta zutiarazi egiten zieten, hanketan eta ipurdian sekulako mina sentitzen zutelarik.
- Kolpe asko eman zizkieten buruan, eskuak zabalik. Barrabiletan eta buruan ere kolpe asko eman zizkieten. Egunkari biribildu antzeko batekin kolpe asko eman zizkieten gorputzean. Goma-aparra jarri zieten gorputzean eta besoetan markarik ez uzteko.
- Elektrodoekin mehatxu egin zieten eta elektrizitate soinua entzuten zuten.
- Adurri ura bota zioten gorputzean eta metal antzeko bat jarri zioten eskumuturretan, elektrodoen simulazioa eginez.
- Denbora guztian begiak mozorroz estalita eduki zituzten.
- Bainera betetzen bezalako soinuak entzun zituzten.
- Beraien senideak atxilotzearekin mehatxu egin zieten.
Azken tortura salaketa larrien aurrean ondokoa esan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak:
- Benetako kezka sortzen digu honelako tortura salaketa larrien aurrean alderdi politiko eta erakundeek mantenduriko isiltasunak. Bortxakeria gora eta behera ari diren bitartean, estatuaren errepresio indarrak dira azken asteotan bortxa adierazpenik ankerrenak mahai gainean jartzen ari direnak.
- Ertzaintzak atxilotuak torturatu ditu, baita Guardia Zibil eta Espainiako Polizia Nazionalak ere. Mossos d'Esquadra Poliziak, berriz, bi atxilotu opari eman dizkio Guardia Zibilari, tortura ditzaten. Zer esan nahi honek? Honek esan nahi du tortura ez dela kasualitatez ematen, ez dela polizia gaizto eta amorratu biren erabakiz torturatzen. Torturaren erabilera egiturazkoa da Espainiar Estatuan, sistematikoa da, politikoa. Ez da polizia baten edo bestearen araberakoa, errepresio estrategia itsuaren zerbitzura dauden polizia guztiek erabiltzen dute tortura, edo laguntzen dute erabiltzen.
- Beste behin ere Euskal Telebistaren eta EITB-k sarean duen orriaren jarrera benetan salagarriak direla adierazi nahi dute. Tortura salaketa larriak isiltzen dituzte, torturapean ateratako deklarazioekin albistegiak irekitzen dituzten bitartean. Honekin batera komunikabide nagusien isiltasuna ere benetan salagarria dela uste dugu.
- Torturaren aurka jarrera argia hartzeko deia egiten dugu. Beharrezkoa da inkomunikazioarekin amaitzea, hau egin ezean antzeko testigantzak iritsiko zaizkigu eta. Bitartean gizarteari dei egiten diogu torturaren aurkako borroka aurrera egiteko.