Algortako Basagoiti Etorbidean daukan eraikina "saldu edo alokatzeko borondate osoa" du Telefonicak, Getxoko PPk esan duenez. Popularren arabera, horixe berau adierazi zien Oscar Alegria telekomunikazio enpresaren lurralde ordezkariak,
ostiralean Bilbon egindako batzarrean. Aipatu bileran, Alegria, Venancio Echeverria Telefonicako komunikazio zuzendaria, Marisa Arrue eta Eduardo Andrade Getxoko PPko ordezkariak, Alternatiba eta Ezker Batua alderdiak, eta San Nikolas Antzokia auzo elkarteko hiru kide izan ziren. Hain zuzen ere, azken horiei zera agindu die Arruek: "PPk 2011ko hauteskundeak irabazi eta boterea eskuratuko balu, bere esku dagoena egingo du oraingo proiektua aldatu eta ingurunearen araberako antzoki txikiago bat egiteko". Bitartean, otsailaren 26ko udal batzarrerako mozioa aurkeztu dute popularrek, Telefonicarekin harremanetan has daitezela eskatuz; Basagoiti Etorbideko eraikina erosi edo epe luzera alokatuta, bertan Algortako Musika Eskola jarri eta Getxo Antzoki berriaren inpaktua gutxitzeko asmoz. Martxoaren 5ean, berriz, berriro daukate hitzordua telekomunikazio enpresako arduradunekin. Egun horretan, eraikinaren barrualdea erakutsiko diete horrela nahi duten alderdi politikoetako ordezkariei. Argazkian, ostiraleko batzarra Telefonicaren Bilboko egoitzan / © Getxoko PP.