Izan ere, Jone Uria izan zen kontzertua zabaltzeko arduraduna, diskoan bezala, bertso batez (mp3). Ondoren heldu ziren, banan-banan "Haize Berriak" diskoan grabaturiko abestiak, batzuk sendo, indarrez, haserre... beste batzuk, berriz, umel, baina, batez ere, aldarte onez, irribarretsu, algaraka. Publikoak, dagoeneko letrak ikasita, kanta gehienak abestu eta dantzatu zituen. Tartean, 121 Krew hip-hop euskalduna egiten duen Barakaldoko taldeko Endikak "Eskubideen trafikanteak" abesteari ekin zion, Mariarekin batera, doinua nahierara bihurrituz.
Eta dena amaitzear zegoela ematen zuenean, Maria, Gorka, Pepo eta Ekaitzek atzera egin eta bertso-hopari utzi zioten lekua. Endikak "Gora Baraka, behera Neguri!" abestiaren doinupean azaldu zen bitartean, Jonek segidillaka jarraitu eta erantzun zion. Jende algaren artean jarraitu zuen kontzertuak, Kurkudiren 25. urteurrenerako Ekaitzek sortutako "25 urte borrokan eta iraultzen!" abestiaren bertsio berria hainbaten eztarriek urratu zutela. Azkenik, seigarren bisean edo auzokideekin errukitu ziren, jendea oraindik gogoz utzita. Agian horregatik, dagoeneko agindu du Sirokak Leioara bueltatuko dela. Gazte Egunean izango da, apirilaren 24an. Eta badaezpada errefortzuekin etorriko dira, Amargor taldearekin.
Bitartean, "Haize berriak" diskoa osorik deskargatu daiteke Sirokaren webgunetik eta gustukoa izatekotan, erosi ere egin daiteke, besteak beste, Algortako Eztabaida liburudendan, Leioako Kurkudi tabernan bertan edota Urdulizko Basartena tabernan.