Fredi Paya: "Irabaztera"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 22a, 19:08

[© Fredi Paya - Berria.info] Asteon historikoa izateko bokazioa duen testu politikoa irakurri dut. Europan bortizkien zapaltzen duten mugimendu politikoarena da. Bertan goi karguduna izateak kartzelatik eta hondamendi ekonomikotik herriko txaletetik baino hurbilago ipintzen ditu. Baina kalea zapaltzean lanean jarraitzen dute berriro kartzelara bueltatu arte. "Koherentzia" izeneko hitz arkaiko bat ahoskatzen dute. Gainontzeko alderdiak egoera berean imajinatze hutsa gaitza egiten zait, horregatik analisi iturri izan behar luke behin eta berriz proposamen berriak egiteko duten gaitasunak. Erabilera polizialik gabeko analisi publikoen iturri esan gura nuen.

Nerabezaroan nire biblietako bat zen Ortziren "Historia de Euskadi", eta lagun atzerritarrei, etxeko egongelan sartzean, takikardia txikiak eragiten dizkien entziklopedia moduko baten ibili naiz begira. Baina ez dut aurkitu 50 urtetan asteon irakurri dudan hainbat gauza. Positiboak, denak ere.

"Aldaketa gauzatzeko erronka barneratzeak geure burua aldatzea ere eskatzen du". Koherentzia sistemaren aurkako tresna modura ulertu dugu beti. Euskal menditarraren izpiritu estoikoak izaera erresistentea iraunkortasunarekin lotu izan du. Iraunkortasuna soilik erraturik uler liteke aldaketa eza bezala. Baina aldaketa bekatua den herrian garatzea susmagarria da. Garapena aldaketa delako, baina koherentzia baten barruan. Aldaketak beti ematen du beldurra, baina aldaketa ezak frustratzen gaitu. Oreka berri baten bila goaz.

"Estrategia eta lanabes berriak". Oso posiblea da "zaharra" eta "txarra" hitzak oinarrian hitz bera izatea etimologikoki. "Zaharrago eta txarrago" esan ohi dute gure inguruko adindunek zelan dabiltzan itauntzean. Eta gaur eguneko politikagintza gizarteak berri-emankor eta zahar-antzu eskemaren barruan zure eskaintza non kokatzen duen ikusteko filtro lez definitzen du osaba Samek. Edo osaba Tomek. Hala ere, berrikuntza ez da "berria" hitza, lanabesen definizioa baizik.

Baina horretan ez dut sakonduko Euri, Ibai, Adur, Rosales eta prozesu horretan parte hartu behar duten beste hainbat eraman dituzten astean.

Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun