Bi gazte atxilotu dituzte Getxo Antzokiko obretan lapurtzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 22a, 19:34

Getxoko Udaltzaingoak bi gazte atxilotu zituen igande goizaldean, ordu biak aldera, Getxo Antzokiko obretako materiala lapurtu zutelakoan. Udal iturriek zabaldutakoaren arabera, ordu horretan, lekuko batek Koordinazio Zentrora deitu zuen esateko bi gazte ikusi zituela mahai bat, zura mozteko zerra zirkularra zuena, arrastaka zeramatzatela. Hara inguratuta, udaltzainek kale txiki batean bi gazte makurtuta aurkitu zituzten, zerra zirkularraren mahaiarekin. Poliziak bertan zeudela konturatuta, gazte batek alde egin omen zuen korrika eta bigarrena mahaiaren ondoan geratu zen. Eta bertan, berehala, atxilotu zuten. Iheslariaren atzetik joan ziren poliziak, eta harrapatu ondoren, atxilotuta eraman zuten. Beharrezkoak diren diligentziak bete ondoren, lapurtutako makina Getxo Antzokiaren inguruan egiten ari diren lanetatik hartu zutela eta etxabe batean sartu nahi zutela jakin zuten udaltzainek, polizia arduradunen arabera. Atxilotuak P.M.G.T. eta A.J.G. inizialak dituzte eta biak Algortako bizilagunak dira. Epailearen esku geratu dira. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroa / © Getxo.net.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun