Zaharberritze lanak joan den udaren amaieran hasi ziren eta 103 metro koadroko azalaren gainean burutu dituzte. Bost bulego, harrera eta administrazio gunea eta itxarote gela ditu egoitzak eta bertan bost lagunek egingo dute lan, erabiltzaileei arreta zuzena eskaintzeko. "Besteak beste, informazio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua, diagnostikoak egitea, diru laguntzak (OE, GLL, AEL), familia eta gazteekin gizarte alorrean esku-hartzeko zerbitzua, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta abar eskainiko dituzte“, Elena Coria Gizarte Zerbitzuen arduradunak azaldu duenez. Harremanetan jartzeko telefono zenbakia 944 660 130 da. Egoitza berriaren inbertsioa 238.000 eurokoa izan da eta horietatik 230.000 euro lanak egiteko izan dira eta 8.000 euro altzarietarako eta ekipamendurako.
Urte Alaiak elkartea
Getxoko Andra Mari Nagusien elkartea-Urte Alaiak nagusien egoitza —Gizarte Zerbitzuen bulegoaren ondoan dagoena— gestionatzen duen taldeak oso positibotzat jo du zaharberritzea, berairentzat ere onurak ekarriko dituelako, hemendik aurrera euren jardueretako batzuk egiteko erabilera anitzeko gela edukiko baitute. Elkarteak aisialdi jarduerak antolatzen ditu Udalarekin sinatuta duen hitzarmen baten bitartez. Horren bidez, 2009an 3.000 euro jaso zituen. Bere ekitaldien artean hainbat txapelketa, bingoa, yoga, tai-jia, tailerrak, hitzaldiak eta txangoak daude. Elkarteko ordezkariak oso pozik agertu dira erreformarekin, “jarduerak hobeto aurrera eraman ahal izatea ahalbidetuko baitu”.