Bizkaiko Probintzia Auzitegiko seigarren atalak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio J.J.I.L. 33 urteko plentziarrari,
sexu eraso delitua egotzita, besteak beste,
"El Correo Español"-ek zabaldu duenez. Horretaz gain, epaiketaren kostuen bi herenak ordaindu beharko ditu; baita biktimari 18.000 euroko kalte ordaina ere. Izan ere, erasoaren ostean, estres-arazo postraumatiko kronikoa pairatu zuen emakumeak; eta ondorioz, neurosi-nahasketa ere bai. Epaileek frogatutzat jo dute, 2009ko urtarrilaren 16ko goizean, erasotzailearen etxean sartu bezain laster eta hitzik tartekatu gabe, gizonak emakumea sofaren kontra bota eta zaplaztekoak ematen eta iraintzen hasi zitzaiola. Bertan bortxatu zuen biktima erasotzaileak, tartean hautsontzia eta liburua bota, beisbol batearekin mehatxu egin eta aiztoa erakutsi ziola. Ebazpenean jasotzen denez, "berari aurka egitea uzten ez zion izu-ikara egoera" eragin zion biktimari J.J.I.L. plentziarrak. Aurretik sexu-harremanetan ibiliak ziren biak, baina emakumeak horiek moztea erabaki zuenean hasi zen erasotzailea emakumea hertsatzen, telefono dei eta SMS bidez, mutil lagunari kontatuko ziola esanez. Horrela lortu zuen goiz horretan bere etxera erakartzea. Argazkian, ordu batzuk lehenago beste sexu eraso bat gertatu zen eskualdean. Hori dela eta,
elkarretaratzea egin zuten Berangon; baita Plentzian ere.