Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailearen aginduz atxilotu ditu gaur goizaldean Polizia Nazionalak Urko Izagirre "Bosnio" eta Enrique Noya "Kini", aurrena Algortan eta bigarrena San Inazion (Bilbo). Hainbat hedabidek ETAk Guardia Zibilak Kalagorrin, Errioxan, duen kuartelaren aurka 2008an egindako atentatuarekin lotu nahi izan dituzte. "Baina, oraingoz, dagoen bakarra da Jon Rosales eta Adur Aristegik lan egiten zuten enpresa berean aritzen direla, hau da, txosnak muntatzeko enpresan", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Bestalde, horretan Jurdan Martitegi lanean aritu zela nabarmendu nahi izan du "El Correo Español" egunkariak. Gaur goizean, atxilotuen etxebizitzez gain, Abadiñon txosnak montatzeko enpresako egoitza ere arakatzen ibili da Espainiako polizia. Atxiloketak salatzeko mobilizazioa egingo da gaur arratsaldean Algortan, 20:00etan, Telletxen. Eta bi algortarrak inkomunikatuta jarraituz gero, ostiralera arte luzatuko dira. Argazkian, joan den astean izandako atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!