Frantziako tribunalek Asier Borrero Algortako euskal preso politiko gaztea Espainiara eramatea erabaki du, Auzitegi Nazionalean epaitzeko,
Noticias de La Rioja agerkari digitalak (espainolez) zabaldu duenez. ETAk Guardia Zibilak Kalagorrin, Errioxan, duen kuartelaren aurka 2008an egindako atentatuan parte hartzea leporatzen diote algortarrari. Horretaz gain, Getxon auzokide batek 2008ko urtarrilaren 31n
lehergaiz beteta aurkitu zuen garagardo kupelarekin lotu dute Borrero. Halere, Versallesko Apelazio Auzitegiko Instrukzio Salak ebatzi du "Parisen kontuak eman arte" Madrilera ez eramatea. Asier Borrero 25 urteko gaztea 2009ko uztailaren 4an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Iurgi Garitagoitia eta Itziar Plaza bilbotarrekin batera. "Gaizkile elkarteko kideak" direlakoan hirurak auziperatu eta
espetxeratzeko agindua eman zuen, lau egun geroago, Laurence Le Vert epaile bereziak. Mutila Nanterreko espetxean dago ordutik, Paristik gertu, Algortatik 936 kilometrotara. Bitartean, Baltasar Garzon epaileak urtarrilean
auziperatu zituen Algorta zein Getxoko bost gazte (Borrero tartean) eta beste zortzi lagun, Bizkaia komandoaren ekintzak egotzita. Argazkian, Asier Borreroren atxiloketa salatzeko Algortan egindako elkarretaratzea.